AURKEZPENA

Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa da, Nafarroako zerga sistemaren ezarpenaz arduratzen dena. Bere Estatutuen 3. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Ogasunaren eginkizuna da “tributuen kudeaketa eta bilketa zuzen eta eraginkorra lortzea, zerga arloko araudia orokorrean eta zehatz-mehatz bete dadin, alde batera utzi gabe zergadunaren segurtasun juridikoa, eta araudi horrek sorrarazten duen zeharkako presio fiskala gutxituz”.

Ondoren aurkezten dugun “Nafarroako Foru Ogasunaren Memoria. 2020” honen helburua informazio gardentasunaren printzipioa betetzea da, eta baliagarria izatea Nafarroako Foru Ogasunaren jarduera ezagutarazteko, haren ebaluazioa eta hobekuntza errazteko.

Azken finean, Memoria honen xedea da erakunde autonomoaren antolakuntza eta jarduera zabaltzea interesa duen pertsona nahiz entitate orori: Administrazioko langileei beraiei, entitate laguntzaileei, ikertzaileei, gizarte eragileei, beste administrazioei, erakunde publikoei eta abarri.

Horretan jasotzen dira, beraz, 2020. urteko jarduketa nagusiak. Horiek, jakina, COVID-19ak eragindako pandemiak baldintzatu ditu, hein batean edo bestean. Jardueraren datuak, oro har, balio homogeneotan alderatu ahal izan dira 2019ko datuekin. Beraz, datu gehienen kasuan, bi ekitaldietako informazioa aurkezten da, emaitzen behaketa ebolutiboa eta konparatua egiteko aukera emanez.

Agindutako zereginen ezaugarriengatik, zerga bilketaren zenbatekoa aukeratu dugu gure jardueraren adierazle nagusi gisa, alde batera utzi gabe zenbait jarduketa zehatzen emaitzak ebaluatzeko egokiagoak izaten ahal diren beste hainbat magnitude erabiltzeko aukera.

Ondorio horietarako, esan behar da Nafarroako Foru Ogasunak 2020an 3.627.078,60 mila euro bildu zituela, likidoei dagokienez, 2019an baino % 7,97 gehiago, eta hautsi egin zuela aurreko urteetako goranzko joera, koronabirusaren pandemiaren eta zergadunen gaineko eragin negatiboa arintzeko hartutako zerga neurrien ondorioz. Zerga kontrolerako jardueraren emaitza, berriz, 2020ari dagokionez, 174.697,98 mila eurokoa izan zen, hau da, ia berdindu egin dira 2019. urteko emaitzak.

Hona hemen datu horiek jasotzen dituen koadroa:

1. koadroa. Zerga bilketa likidoa eta Zerga kontrolerako jardueraren emaitzak