3.1 Tributuen arloko informazio sistemak

Nafarroako Foru Ogasunak bere eginkizunak betetzeko eskuratzen dituen datuak erreserbatuak dira. Tributu datuen babeserako araubidearen lege esparru nagusia ondoko arau hauetan jasoa dago:

  • Espainiako Konstituzioaren 18. artikulua, datuak babesteko oinarrizko eskubidea jasotzen duena.
  • Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2016ko apirilaren 27an onetsitako 2016/679 (EB) Erregelamendua, pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez.
  • 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, pertsona fisikoei dagozkien datuei aplikatzen ahal zaiena.
  • Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105. artikulua, tributuen inguruko datuak lotzen dituena tributuen aplikazio eraginkorrarekin. Artikulu horrek ezartzen duenaren arabera, hala ere, zenbait kasutan datuak administrazio zehatz batzuen eskura jartzea baimentzen du, berariaz aurreikusitako helburuetarako.
     

Informazio segurtasuna. Sarbide kontrola

Nafarroako Foru Ogasunean informazioaren segurtasun politika onartuta dago Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 4an emandako 210/2007 Foru Aginduaren bidez, hor ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen informazio sistemen eta komunikazioen segurtasun arauak.

Datuen babesari eta informazioaren tratamenduko segurtasunari buruzko araudian xedatutakoa betez, Nafarroako Foru Ogasunaren informazio sistemetan informazio konfidentziala eskuratzeko egiten diren sarbide guztiak erregistratzen dira eta identifikatzen da nork egin duen, motiboa, eta hainbat datu tekniko, ondorengo kontrola errazten dutenak.

Sarbide horien arrastoen aldian behingo berrikuspenetan, 2020an 15 segurtasun gorabehera hauteman ziren, eta horien ondorioz zenbait neurri hartu ziren, erabiltzaileen kontzientziazioa sustatzeko eta sarbideen kontrolak areagotzeko