1.2 Nafarroako zerga-sistema

Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen gehigarriak aitortu eta babesten duen berezko foru araubidearen arabera, Nafarroak berezko zerga sistema mantendu, ezarri eta arautzeko ahalmena du, betiere errespetatuz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45. artikuluak aipatzen duen Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan (abenduaren 26ko 28/1990 Legea) jasotzen diren printzipioak.

Araubide erkidea duten autonomia erkidegoen finantzazio sisteman ez bezala, Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoak jasotzen duen sistema Nafarroako Foru Komunitatearen berezko finantzaketa eredua da, bi oinarri nagusi dituena:

a) Autonomia fiskala. Nafarroako Foru Komunitateak kudeatu eta biltzen ditu zerga sistemako oinarrizko zerga guztiak.

b) Ekarpena. Gobernu zentralari zenbateko bat ordaintzen zaio Nafarroak bere gain ez dituen estatu eskumenak ordaintzeko. Hori da Estatuaren karga orokorrei egiten zaien ekarpena.

Memoriaren puntu honetan, foru zerga sistemari Hitzarmen Ekonomikoak ematen dizkion oinarrizko ezaugarriak aurkezten dira. Autonomia fiskala.

Memoria honen 5. atalean (“Erakunde harremanak eta kanpo aliantzak” aurkezten dira Ekarpenaren ezaugarriak.

AUTONOMIA FISKALA

Foru zerga sistemari Hitzarmen Ekonomikoak ematen dizkion oinarrizko ezaugarriak ondoko alderdi hauetan oinarritzen dira.

Tributu ahalmena

  • Bere foru araubidearen arabera, Nafarroak ahalmena du berezko tributu araubidea mantendu, ezarri eta arautzeko.

  • Estatuaren eskumen esklusiboak: Estatuari dagokio modu esklusiboan erregulatzea, kudeatzea, likidatzea, biltzea, ikuskatzea eta berrikustea inportazio eskubideak eta inportazioaren gaineko kargak zerga berezietan eta balio erantsiaren gaineko zergan.

  • Foru Komunitatearen berezko tributuak ordainarazteko, kudeatzeko, likidatzeko, biltzeko, ikuskatzeko eta berrikusteko, Nafarroako Ogasun Publikoak bere esku izanen ditu Estatuko Ogasun Publikoak aitortuak dituen ahalmen eta eskubide berak.
     

Tributu harmonizazioa.

  • Nafarroako Foru Komunitateak, tributu arautegia prestatzean, Hitzarmen Ekonomikoan jasotzen diren harmonizazio irizpide orokorrak atxikiko ditu.

  • Nafarroako Foru Komunitatearen tributuen ordainarazpena konexio puntuen arabera zehaztuko da. Alegia, irizpide horien arabera zehaztuko da, zerga bakoitzean, zein zergadunek zein tributu administraziori ordaindu behar dion eta zer neurritan egin behar duen. Horretarako, Hitzarmen Ekonomikoak berak erregulatzen du egoitza fiskalaren zehaztapena Nafarroan, banaketa horretako oinarrizko pieza baita.

  • Zergaren ordainketa Nafarroan bakarrik egitekoa izaten ahal da, edo partekatua Nafarroaren eta beste administrazio baten edo batzuen artean, zifra erlatiboaren arabera (Nafarroan ordaindu beharrekoa), egoitza fiskala, eragiketa bolumena, eta eragiketak egin diren lekuaren arabera. Zifra erlatiboaren araberako ordainketaren kasuan, araudi aplikagarria Nafarroakoa den edo beste administrazioetakoa den, hori ere zehazten du Hitzarmenak.
     

Ondorioz, Hitzarmen Ekonomikoak erregulatzen duen tributu ahalmenaren eta harmonizazioaren arabera, norainoko askatasuna du Foru Komunitatearen tributu administrazioak Nafarroako tributu sistema diseinatzeko?

Egokia da honako mugapen hauek azpimarratzea: 

a) Mugapen orokorrak:

Nafarroak errespetatu beharko ditu:
  • Estatuak sinatutako nazioarteko itun edo hitzarmenak. Aipamen berezia behar dute Europar Batasuneko harmonizazio fiskaleko arauak.
  • Elkartasunaren printzipioa.
Harmonizaziorako irizpide orokorrak
  • Tributu Lege Orokorraren arabera egokitzea terminologia eta kontzeptuak.
  • Egiazko presio orokor baliokidea ezartzea.
  • Pertsonen zirkulaziorako eta egoitza hartzeko askatasuna bermatuko du, hala nola ondasunen, kapitalen eta zerbitzuen zirkulazio librea.
  • C.N.A.E.-ren (Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionala) sailkapen bera erabiliko du.

b) Mugapen espezifikoak:

Zerga batzuetan, Foru Komunitateak Estatuko arau substantibo eta formalen eduki bereko arauak onartu beharko ditu, eta erabakitzeko tarte estua izanen du, tributu ereduei eta epeei dagokienez.

Ondorengo koadro honetan aurkezten dira, modu eskematikoan, Nafarroak kudeatu eta biltzen dituen zergak, eta aplikatu den araudia Nafarroako berezkoa den edo Estatuko bera den.

2. koadroa. Nafarroako zerga sistema. Zerga hitzartuak