2.4.7 Gainerako zergen ondoriozko diru-sarreren bilakaera

Gainerako zergen bilketa likidoaren bilakaerari dagokionez, azpimarragarriak dira honako gorabehera hauek:

  • Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren bilketan beherakada handia izan da (% 92,96), itzulketen bolumena handi samarra bada ere, aurreko urtekoaren antzekoa; bilketa integratua praktikan ia % 40,0 murriztu da, pandemiaren ondorioz. Hain zuzen ere, 10 zergadun nagusiek 2019an osorik sartutakoa (6,3 milioi euro) % 60,0 jaitsi da 2020an (2,5 milioi euro).
  • Oinordetzaren eta dohaintzen gaineko zergaren bilketan % 23,33ko gorakada izan da.
  • Azalera handien gaineko zergak % 19,74ko igoera izan du, nahiz eta 2020ko zergaren tributazio kuota murriztea erabaki zen, establezimendu horiek itxita egon ziren bitartean, alarma egoera deklaratzearen eta agindutako neurri gehigarrien ondorioz.
  • Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergan % 39,66 gutxiago bildu da. Nolanahi ere, 2019ko bilketak Estatutik jasotako 26,4 milioi euroko sorta bat zuen; horren arrazoiak dira, alde batetik, zergadun handi baten egoitza aldaketaren espediente baten ebazpena, eta bestetik, 2015eko ekitaldiari zegozkion fluxuen likidazioa, Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordeak 2017ko abenduan hitzartutako akordioen ondorioz. Beraz, kopuru homogeneotan, zenbateko horren balioa kenduta, zerga % 28,8 igo da.
  • Ondare eskualdatzeen gaineko zergak % 12,53ko murrizketa erakusten du, aurreko urtean bildutakoaren aldean, eta Egintza Juridiko Dokumentatuetan ere % 8,20ko jaitsiera izan da, estu lotuak jarduera ekonomiko orokorrarekin, eta zehazki, higiezinen merkatuarekin. 
  • 2020an ia ez da itzulketarik egin Hidrokarburoen Txikizkako Salmentaren Zergan ezarritako “zentimo sanitarioa” deitu denaren kontzeptuan, Europako Justizia Auzitegiaren epaiak Europako ordenamenduaren aurkakotzat jo baitzuen zerga hori; horrenbestez, itzulketa gehienen atala bukatutzat jotzen ahal dugu.
  • Hondakinen gaineko zergaren urte arteko konparazioak 2019koa baino % 22,89 handiagoa den balioa ematen du, araudiak 2020rako tarifa igoera agindu baitu.
  • Pandemiak ere eragina izan du zehapen fiskalen, berandutze interesen eta premiamendu errekarguen diru-sarreretan: 2019an 20.203,63 mila euro bildu ziren, eta 2020an 15.622,34 mila euro; hau da, % 22,68 gutxiago.