5.1 Hitzarmen Ekonomikoa

Ekarpen ekonomikoa:

Nafarroaren tributu eta finantza arloetako jarduera Hitzarmen Ekonomikoaren berariazko sistemak arautzen du, eta haren arabera, Nafarroak bere zerga araubidea ezarri, arautu eta mantentzeko ahalmena du. Zerga horien bidez eskuratzen dituen baliabideak bere politikak finantzatzeko baliatzen ditu, baina aldi berean, Estatuari ordaindu behar dio ekarpen bat, erkidegoak bere gain ez dituen Estatuaren kargengatik, hau da, Foru Komunitateak egiaz egikaritzen ez dituen eskumenei dagozkien karga ekonomikoak.

Hitzarmen Ekonomikoaren arabera, Nafarroak lau epetan ordaindu behar du urte bakoitzari dagokion behin-behineko ekarpena, eta era berean, urteko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko behin betiko ekarpena kitatu behar da, eta emaitzak erregularizatu, administrazio baten edo bestearen alde.

2020. urtea 2020-2024 bosturtekoa denez, eta oraindik ez denez erabaki 2020ko oinarri urteko ekarpena, Hitzarmen Ekonomikoko Bigarren Xedapen Iragankorra da aplikatzekoa. Xedapen horren arabera, bosturtekoaren oinarri urte gisa hartu behar diren urteetako edozeinetan oinarri urte horri dagokion ekarpen likidoa dagokion epean onartzen ez bada, ekitaldi horretarako eta, hala badagokio, hurrengo urteetarako, behin-behineko ekarpen likido bat finkatuko da, 60. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusien den eguneratze indizea aplikatuz, aurreko bosturtekoko beste urte bat balitz bezala. 2020an ez ziren onartu Estatuaren Aurrekontu Orokorrak eta, beraz, 2020ari dagokion urteko behin-behineko ekarpena egiteko 63. artikuluaren 2. apartatua aplikatu da; haren arabera, behin-behineko ekarpena ordaintzeko epeetako bat iritsita, haren zenbatekoa finkatu ezin izan bada, adostutako azken behin-behineko ekarpen likidoaren antzeko ordainketa bat eginen da, eta beraz, urte honetan ordaindutako zenbatekoa 529.582,64 mila eurokoa izan da, 2019koaren antzeko kopurua.

Bestalde, 2019ko behin betiko likidazioa ere egin da 2020ko martxoan, eta Estatuko administrazioaren aldekoa izanik, 19.881,52 mila euro ordaindu zaizkio hari.

Zeharkako zergek eragindako doikuntzak:

Hitzarmen Ekonomikoaren 65. artikuluak ezartzen ditu zeharkako zergen doikuntzak, BEZaren eta fabrikazioaren gaineko zerga berezien bilketa hobetzeko, harmonizaziorako irizpideak eta zerga horietako bakoitzaren zuzeneko kudeaketarako ezarritako konexio puntuak aintzakotzat hartuta. Koordinazio Batzordearen eskumena da doikuntza horiek dagokien bosturtekoan egikaritzeko metodoak ezartzea.

2020ko behin-behineko likidazioari dagokion zenbateko osoa 888.741,58 mila eurokoa izan da; horietatik 809.219,41 mila euro BEZaren doikuntzari dagozkio, eta 79.522,17 mila euro Zerga Berezien doikuntzei.

Gainera, 2020ko martxoan likidatu eta erregularizatu dira 2019ko behin betiko doikuntzak, eta haien azken saldoa Estatuko Ogasunaren aldekoa izan da, hain zuzen ere, 27.141,45 mila eurokoa; emaitza hori da, Estatuaren alde 27.973,02 mila euro baitziren –BEZ, hidrokarburo eta tabakoari zegozkionak– eta 831,57 mila euro, berriz, Nafarroako Foru Ogasunaren alde –alkohola eta garagardoa–.

Horrekin guztiarekin, Nafarroak 2020an jaso dituen zerga doikuntzen zenbatekoa, guztira, 861.600,14 mila eurokoa izan da, hau da, 2019an jasotakoa baino 272.254,86 mila euro gehiago, eta % 24,01eko hazkundea. 

Ondoren ageri den koadroan jaso dira Hitzarmen Ekonomikoari dagozkion finantza fluxuen zenbaki nagusiak: Zeharkako zergek eragindako ekarpena eta zerga doikuntzak.

66. koadroa. Hitzarmen Ekonomikoaren finantza fluxuak