6.1 Helburuak

Nafarroako Foru Ogasunaren 2020. urterako helburu nagusiak oso baldintzatuta egon dira martxotik aurrera, COVID-19aren pandemiak sortutako salbuespenezko egoera eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez deklaratutako alarma egoera zirela eta, baita Nafarroako Foru Komunitatean nahiz Estatuan pandemiak enpresetan eta herritarrengan zuen eragina arintzera bideratutako osasun publikoko, ekonomiako eta zergetako hainbat neurri hartzearen ondorioz ere.

Aurrekoa kontuan hartuta, Nafarroako Foru Ogasunak helburu nagusi hauek izan ditu 2020an:

  • Hasiera batean aurreikusitakoaz oso bestelakoa izan den Errenta eta Ondare kanpaina egin da, aurrez aurreko arretarik gabea, zergadunarentzako laguntza bide telematikoen eta telefono bidezkoen bitartez emanez, eta teknologia berrien erabilerari lehentasuna emanez.
  • Zergadunei laguntza baliabide elektronikoetan oinarritutako bideetatik ematea zabaltzen eta sustatzen jarraitu da, NFOrekin egin beharreko izapideak errazteko, eta pixkanaka murriztu egin da autolikidazioen eta informazio aitorpenen paperezko aurkezpena. Bulego Birtualaren bidezko bideokonferentzia bidezko laguntza jarri da martxan, enpresaburu eta profesionalei zuzendutako online arreta zerbitzu gisa.
  • Cl@ve sistemaren erabilera bultzatu da, zergadunek Nafarroako Zerga Ogasunean egin beharreko izapideak errazten eta arintzen dituen identifikatzeko bitarteko gisa.
  • Onetsi diren zerga zorren aparteko geroratzeak izapidetu eta kudeatu dira, baita bestelako arau aldaketak ere, enpresei eta zergadunei likidezia emateko eta zerga betebeharrak betetzen laguntzeko helburuarekin, pandemiaren ondorioak arintze aldera.
  • Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren eta Nafarroako Foru Ogasunaren artean informazioa trukatzeko hitzarmen bat sinatu da.
  • BEZari buruzko Informazioa Berehala Hornitzeko Sistemari (SII) dagokionez, informazioa tratatzeko eta ustiatzeko beharrezko egokitzapenak egiten jarraitu da, bai tributu kontrola eta bai zergadunei eskaintzen zaizkien laguntza zerbitzuak pixkanaka hobetzeko.
  • 2020an, SILICIE sistema berria jarri da martxan, zerga berezien xede diren produktuen kontabilitate liburuak telematikoki eramateko. SIIren kasuan bezalaxe, SILICIEk hobetu egiten du zergapekoari ematen zaion laguntza; besteak beste, murriztu egiten ditu informazio aitorpenen betebeharrak, eta handitu egiten ditu tributu kontrolerako aukerak zerga berezien esparruan, erregistroak eta ezarritako kalitate kontrolak berehala jasotzeari esker.
  • Informazio iturri berriak ustiatzen jarraitu da, garrantzitsua baita jatorria nazioartean duen informazioa gehitzea.
  • Datuen ustiapena hobetzea tributu desberdinen egiaztapen automatikorako programetan.
  • Bilketaren faseko tributu kontrolean berariazko programa informatikoak hobetu dira, hala nola erantzukizun deribazioei buruzkoak.